Hegazti gripearen inguruko oharra

Gipuzkoako Foru Aldundiak hegaztien gripea dela eta udalerri guztiei egindako eskaeraren inguruko informazioa daukazue honako oharrean:

Hegazti-gripea gero eta gertuago omen daukagu, eta azken asteetan basoko zein etxeko hegaztietan zenbait foku agertu dira Landetan, baita Kantabrian eta Gironan ere. Hegazti migratzaileek etxeko hegaztientzat izan dezaketen arriskuaren aurrean, zenbait neurri hartu dira Gipuzkoako ustiategi guztietan (autokontsumorako erregistratutako ustiategietan ere bai), honako hauek, besteak beste:

    • Debekatua dago hegaztiak aire zabalean haztea. Hegaztiak aire zabalean edukitzeko, txori-oihalak jarri beharko dira, edo basa-hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu.
    • Hegaztien janlekuak eta askak instalazioen barruan egon behar dira, hegazti basatiak iristea eragotziko duen aterpe batean.

Autokontsumorako oilategi asko ez daude erregistratuta Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Hori dela eta, udalerrioi eskatu digute datu horiek guztiak biltzea eta Foru Aldundiari jakinaraztea, herri bakoitzean biosegurtasun-neurri egokiak bermatu ahal izateko.
Beraz, oilategirik edo hegazti-ustiategirik badaukazue, deitu udaletxera (943 88 07 34) edo joan bertara, eta zuen eskura jarriko dugu bete beharreko dokumentua.

Gaixotasunari eta haren bilakaerari buruzko informazio gehiago lotura honetan eskuratuko duzue:
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/landaeremua/tramiteak-laguntzak