ALKATEAREN AGURRA

Lehenik eta behin, nire ongi etorri beroena gure web orrira hurbildu zareten guztioi. Gabiriako herritarren ordezkari naizenez, leiho txiki bat ireki nahi dizuet, Goierrin kokatuta dagoen txoko honetako ezaugarri nagusien berri izan dezazuen.

 

Nekazari giroko herrixka izan arren, biztanleei dagokienez laurehun eta berrogeita hamar inguru, gure herriaren aztarnak aurkitu nahi izanez gero, oso antzinako garaietara jo beharko genuke. Izan ere, gure herriaren izena testu idatzietan lehenengo aldiz 1350. urtean agertzen bazaigu ere, jakin badakigu askoz lehenago ere ondo errotuak zituela sustraiak.

 

gabiri

Baserriaren eta industriaren arteko lehia bizian ari den herria da gurea. Arbasoengandik jaso ditugun biziera eta ohiturei eutsi nahian, borrokan ari den herria. Hiriko edo kaleko giroak eskaintzen duen erosotasunaren aurrean, geure buruaz harro gaude inguruneak eskaintzen digun paisaia ederraz eta herri txiki baten patxadaz gozatzeko aukera paregabea dugulako.

 

Azken batean, Gabiria mendi, baso eta han-hemenka banandurik dauden baserriek osatzen baitute; garai bateko gaztainondo zaharren artean hainbat eta hainbat motatako zuhaixkak aurki ditzakegu tente eta sendo, eta horren guztiaren erdigunean duzue herria bera: kultur etxea, ostatua, udaletxea eta hainbat etxe berri, etorkizunaren adierazgarri.

 

Horren guztiaren berri eman nahi dizuegu orrialde honetara hurbiltzen zaretenoi, bertako zein kanpoko; horixe da, behintzat, gure nahia. Ea herritarrok herria sentitzen jarraitzen dugun, eta kanpotarrok, ea egunen batean gure herria ezagutzeko egiten duzuen bisitaldiren batean elkartzen garen. Laster arte, beraz.

ENDIKA IGARTZABAL MURUA

GABIRIAKO ALKATEA