Osinalde sariketa

2020ko Osinalde sariketa pandemiak bete-betean harrapatu zuen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Baina aurten, aldaketa dezenterekin bada ere, aurrera egitea erabaki dute. Saioak ez dira afalondorenekoak izango, jakina, eta Aztiriakoa Legazpin izango da. Honakoak dira kanporaketen eta finalaren datak, orduak eta lekuak:

  • Martxoaren 19an, ostirala, Legazpiko Latxartegi Aretoan, arratsaldeko 17:00etan.
  • Martxoaren 20an, larunbata, Zaldibiako Herri Antzokian, arratsaldeko 17:00etan.
  • Martxoaren 21ean, igandea, Ordiziako Herri Antzokian, eguerdiko 12:00etan.
  • Finala martxoaren 27an, larunbata, Gabiriako elizan, arratsaldeko 17:00etan.

Bi goierritar izango dira kantuan, Maddi Aiestaran beasaindarra eta Lander Arizmendi ordiziarra; biek Ordiziako kanporaketan abestuko dute. Bertan osatuko da, hain zuzen ere, Gabiriako saioan izango den seikotearen zerrenda.