Dokumentalaren emanaldia eta Valentin Larrearen obraren kontzertua

Irailaren 18an, ostirala, hainbat eta hainbat gabiriar gerrara joan ziren egunaren 84. urteurrenean, “Goazen gabiriar danok” liburuan oinarrituta egindako dokumentalaren emanaldia izan genuen kultur etxean. Emanaldia amaitutakoan, Aimar Maizekin solasean aritzeko aukera izan genuen, eta memoria historikoaren inguruan lanean jarraitzearen garrantziaz aritu ginen, besteak beste.

Igandean, berriz, Valentin Larrea Yturbe gabiriarraren obraz gozatzeko aukera paregabea izan genuen herriko elizan. Bertan, Itxaso Aristizabal piano jotzailea eta Oiasso Kamerata ganbera orkestra izan genituen musikari ezagunaren partiturei bizia ematen. Gainera, Ostatuko horman musikariaren omenez jarri den plakari estalkia kendu genion, familiakoen begirada eta txalo artean.

Aste honetan Amets Arzallusekin “Minan” liburuaren inguruan hitz egiteko aukera izango dugu, ostegunean 19:00etan. Ostiralean, berriz, artisten mahai-ingurua izango da Pott keramikako Maite Salutregirekin, Antton Fernandez dantzari eta bertsolariarekin eta Jokin Telleria margolariarekin; saioa Aimar Maizek gidatuko du. Bi ekitaldietan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez udaletxean izena ematea.