SAN JOAN BEZPERAN, HIZKUNTZA-OHITURA TXARRAK SUTARA!

SAN JOAN BEZPERAN, HIZKUNTZA-OHITURA TXARRAK SUTARA!

Pasa den ostiralean, ekainaren 23an, ohiturari jarraituz San Joan bezpera eguna ospatu genuen. Ostiraleroko pintxo-potearekin batera, arratsaldeko 19:30ak aldera mahai informatibo bat jarri genuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu garela jakinarazteko eta bitartean gauerako zegoen ekitaldiaren berri emateko. Izan ere, San Joan bezpera zela aprobetxatuz, hizkuntza-ohitura txarrak sutara botatzea zen asmoa, eta hala egin genuen. Gaueko hamarrak alderako kalejiran joan ginen Kutz bakarĀ aldera; bertan Udalekoek UEMAren aurkezpena egin zuten lehenik, eta herriko bertsolariek ere bertso bana kantatu zituzten. Hamarrak pasatxo horretan, San Joan sua piztu genuen eta hizkuntza-ohitura txarrak kiskali genituen trikiti doinu gozoek alaiturik. Urteroko moduan, ez ziren ardo goxoa eta pastak falta izan suaren ondoko epelean.

 

Gabiriako Udalekoek irakurri zutena:

Gabiria herri euskalduna izan da eta oraindik ere hala da. Hala ere, bizimodua eta gizartea aldatu direla nabaria da; lehen etxean eta kalean euskaraz egiten genuen, eskolara joan eta erderaz. Gaur egun, berriz, eskolan euskaraz eta etxean eta kalean erabilerak behera egin du. Harro gaude herri euskalduna garelako, harro gaude euskararen arnasgunea delako Gabiria. Euskarak arnas hartzen duen tokia da. Hori izan da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzearen arrazoia, hala izaten segitzea nahi eta behar dugulako. Eta bide horretan denok jarri dezakegu gure aletxoa. Gabiria euskalduna izan delako, orain hala delako eta etorkizunean ere hala izatea nahi dugulako.

Ofizialki ekainaren 10ean sartu baginen ere, aurrez taldetxo bat elkartzen hasita gaude. Tailer batzuk egin ditugu eta bertan Gabiriak dauzkan ahulguneak eta indarguneak zein diren identifikatu ditugu. Aurrera begira; beraz, badugu zeri heldua. Eskerrak eman nahi dizuegu orain arte parte hartu duzuen denoi; denon parte-hartzea beharrezkoa izango da eta ateak zabalik eongo dira gero ere herritar denetzat. Gure esku baitago Gabiriaren etorkizuna; HERRITARROK NAHI DUGUN BEZALAKOA IZANGO BAITA.

UTZI DITZAGUN, BADA, ATZERA HIZKUNTZA-OHITTURA TXARRAK, ETA EGIN DEZAGUN GUREAN!

0 Iruzkin

Egin ekarpena

Zure eposta helbidea ez da argitaratuko.