GABIRIA UEMAN

Urteko bigarren batzar nagusia egin zuen ekainaren 10ean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bi udal berri onartu zituen: Igorre eta Gabiria. Bi hauekin, 84 udalek osatzen dute gaur egun UEMA, guztien artean 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

 

Agintaldi honen hasieran 72 udal ziren UEMAko kide [Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik]. Azken bi urteotan, berriz, 11 herri gehiagok erabaki dute UEMAko kide izatea.

 

Hainbat egitasmo esku artean

UEMAko lehendakari Josu Labakak eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak batzarrean bildutakoen aurrean nabarmendu zuten moduan, urte honetako plangintzaren baitan, hainbat egitasmo ditu esku artean UEMAk, ohiko lan-ildoen baitan. Erabilera planez eta udalak euskalduntzeko ohiko lanez gain, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak abiarazi ditu UEMAk azken urteotan, eta horien ingurukoak zertan diren azaldu zuen UEMAko koordinatzaileak.

 

Beste askoren artean, herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko sortutako tailerren berri eman zuen. Aurten berritu eta eguneratu den UEMAren zerbitzuen katalogoak biltzen ditu horiek guztiak.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasgunei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu zuten: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.

Azkenik, UEMAko herrietako euskara teknikariek proposatuta abiarazi duten turismoari buruzko lanketa berezia ere aipatu zen, turismoak hizkuntzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko eta udalerri euskaldunen hizkuntza egoera ezagutarazteko, Zehazki, Euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea, hizkuntza, kultura eta nortasuna sendotzeko eta erakusteko giltzarria dela nabarmendu zuen UEMAk.

 

GABIRIA

Gabiria, 500 biztanle eskaseko herria da. Inoiz euskara planen beharrik zegoela ezbaian jarri ere egin ez duen herri horietakoa.

 Euskaraz bizi izan da, bizi da eta hala biziko dela pentsatuta. Hala izan da eta hala izango da. Herritar batzuk, ordea, bagenuen nolabaiteko kezka euskararen erabileraren jaitsiera zela eta; Soziolinguistika Klusterraren datuak atera zituztenean ikusi genuen ezagutzak eta erabilerak behera egin zutela. Hala ere, arnasguneen tailerra egindakoan konturatu ginen jendeari kosta egiten zaiola sinistea nola den posible horren datu kaskarrak izatea ustez hain euskalduna dugun herrian.

 Egia da 10-15 urtean asko hazi dela Gabiriako biztanleria, eta proportzio txikietan bataz bestekoak erraz aldatzen direla; hala ere, ezagutzak eta erabilerak ez dute proportzio berean izan jaitsialdia. Gainera, datuak datu dira eta ezin da ukatu gure herrian gero eta gaztelera gehiago entzuten dela. Hori da errealitatea!

http://www.uema.eus/

0 Iruzkin

Utzi zure iruzkina

Your email address will not be published.