ALKATEAREN AGURRA

Lehenik eta behin, nire ongi etorri beroena Interneteko Web orrira hurbildu zareten guztioi. Gabiriako herritarren ordezkari naizenez, leiho txiki bat ireki nahi dizuet, Goierrin kokatuta dagoen txoko honetako ezaugarri nagusien berri izan dezazuen.

 

Nekazari giroko herrixka izan arren, biztanleei dagokienez laurehun eta berrogeita hamar inguru, gure herriaren aztarnak aurkitu nahi izanez gero, oso antzinako garaietara jo beharko genuke; izan ere, gure herriaren izena testu idatzietan lehenengo aldiz 1350. urtean agertzen bazaigu ere, jakin badakigu askoz lehenago ere ondo errotuak zituela sustraiak.

 

gabiri

Baserriaren eta industriaren arteko lehia bizian ari den herria da gurea. Arbasoengandik jaso ditugun bizikera eta ohiturei eutsi nahian borroka latzean murgilduta dagoen herria; hiriko edo kaleko giroak eskaintzen duen erosotasunaren xarma dela eta, ezintasunaren etsipenan abailduta inoiz, baina, gehienetan geure buruaz harro inguruneak eskaintzen digun paisaje ederraz gozatzeko aukera paregabea dugulako.

 

Azken batean, Gabiria mendi, baso eta han-hemenka banandurik dauden baserriek osatzen baitute; garai bateko gaztainondo zaharren artean hainbat eta hainbat motatako zuhaixkak aurki ditzakezue tente eta sendo, eta horren guztiaren erdigunean duzue herria bera: Eliza, Udaletxea, ostatua eta hainbat etxe berri, etorkizunaren adierazgarri.

 

Horren berri eman nahi dizuegu orrialde honetara hurbiltzen zaretenoi. Horixe da, behintzat, gure nahia eta ea egunen batean gure herrira egiten duzuen bisitaldiren batean elkartzen garen. Laster arte, beraz.

IÑAKI ETXEZARRETA EGIGUREN

GABIRIAKO ALKATEA